Balio Erantsiaren Bilakaera

MONDRAGON Korporazioaren Balantzearen bilakaera osatze aldera, ondorengo taula honetan azken bi urteetan bere ekonomia-egoerek izandako osaera aurkezten da, Balio Erantsiak izandako banaketa-formatuaren arabera antolatuak.

 

MONDRAGONek Sortutako Balio Erantsia [milioi euro]
Kontzeptua 2009 2010 Urteko aldakuntza
Zenbatekoa % Banak. Zenbatekoa % Banak. Zenbatekoa
Balio Erantsia 3.961 100,0 3.741 100,0 (220) (5,6)
Langile Gastuak (2.375) (60,0) (2.389) (63,9) 14 0,6
Barne Errendimendua 1.586 40,0 1.352 36,1 (234) (14,8)
Finantza Gastuak (620) (15,7) (424) (11,3) (196) (31,6)
Cash-Flow-a 966 24,4 928 24,8 (38) (3,9)
Amortizazioak (596) (15,0) (582) (15,5) (14) (2,3)
Emaitza operatiboa 370 9,3 346 9,3 (24) (6,5)
Zuzkidurak, Beste Emaitza Batzuk eta Zergak (309) (7,8) (168) (4,5) (141) (45,6)
Ekitaldiko Emaitzak 61 1,5 178 4,8 117 191,8

 

MONDRAGON Korporazioak 2010. urtean sortutako Balio Erantsia, guztira, 3.741 milioi eurotan zenbatu da, eta hala, % 5,6ko murrizpena izan du joan den urtean lortutako zenbatekoaren aldean, nagusiki Finantzak Arloari zor zaiona, joan den ekitaldian indarrean izan diren interes tasa txikiek murriztu egin baitzuten diru-sarreren bolumena eta horien bitartekaritza-marjina, eta jakina, horren balio erantsiari eragin zion.

Balio Erantsiaren kopuru oso horretatik diru-ekarpenik garrantzitsuena Industria Arlotik etorri zaigu (1.802 milioi euro, % 48 guztizkoan), eta horren atzetik etorriko litzateke Banaketa Arloa (% 38), eta gainerako % 14 Finantza Arloarena litzateke.

Pertsonaleko Gastuak (2.389 milioi euro) joan den urteko kopuruaren oso antzekoak izan dira; % 5eko igoera izan dute Industria Arloan, bere jarduerek ere gora egin dutelako eta horrek enplegua sortzea eragin duelako, batez ere kanpo-eskaerek emandako bultzadari esker. Beste bi Arloetan, berriz, nagusiki barne-merkatura zuzentzen direnez, murrizketak izan dituzte beren pertsonaleko gastuetan, oraindik ere barne-egokitzapenen prozesu batzuetan aurkitzen direlako.

Bestetik, Finantza Gastuek behera egiten jarraitu dute, eta 196 milioi euro gutxiago izan dira 2009. urtearekin alderatuta (% -32). Murrizpen horren parterik handiena Euskadiko Kutxak aurreztaileei ordaindutako interes txikiagoek eragin dute, Euriborra bere gutxieneko maila historikoetara jaitsi izanarekin bat etorriz. Horri gehitu behar diogu, neurri txikiagoan bada ere, beste bi Arloetan ere jaitsierak gertatu direla finantza-gastuetan 2009an izandakoekin erkatuz gero.

MONDRAGONek 2010. urtean aplikatutako amortizazioen zenbatekoa 582 milioi eurokoa izan da, eta beraz, % 2,3ko murrizpen apal bat izan da. Amortizaziorik handienak Industria Arloan zenbatu dira (316 milioi euro, % 54koa guztizkoan), eta horren atzetik etorriko litzateke Banaketa Arloa (241 milioi euro, % 41ekoa guztizkoan).

Adierazitako gastu horietan guztietan murrizpenak izan ondoren, Eragiketa Emaitzak lortzen ditugu, eta horien zenbatekoa 346 milioi eurokoa izan da 2010ean, balioesteko moduko kopurua, inondik ere, kontuan hartzen badugu joan den ekitaldian Espainiako ekonomia atzerakada batean murgilduta ibili dela, eta zama handia izan dela beren produktuak eta zerbitzuak nagusiki etxeko merkatura zuzentzen dituzten negozioentzat.

Zuzkiduretarako, horniduretarako eta zergetarako xedatutako zenbatekoak 2009an xede horietarako erabilitakoak baino txikiagoak izan dira. Kanpo-emaitzak negozio propioen ohikoei gehitu ondoren, -168 milioi eurotan zenbatu dira.

Mugimendu hauen ondoren, Ekitaldiko Emaitza garbiak 178 milioi eurotan zenbatu dira, eta kopuru horrek ia hirukoiztu egiten du 2009an izandakoa, indarrean izan diren kontrako egoera horiek gainditzea lortu den ekitaldi batean, horren hasieran espero zitekeena baino emaitza hobea izanik.


© MONDRAGON S. COOP. | Humanity at work | Legezko Oharra | Web mapa