Mondragon Unibertsitatea

2009-10 ikasturtean, Mondragon Unibertsitateak Europako Goi Mailako Hezkuntzara egokituta eskaini ditu bere titulazio guztiak. Esparru teknikoan, Goi Eskola Politeknikoak Ingeniaritza Graduak eskaini ditu. Enpresagintza Fakultateak Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Gradua eskaini du, eta aurten, "Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza" Gradua eskaini dute lehen aldiz. Bestalde, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak hezkuntzaren arloko 2 Gradu eta Ikusentzunezko Komunikazioa Gradua eskaini ditu.

6 diploma bikoitz ere eskaini ditu ingeniaritzen esparruan, guztiak ingeniaritzaren alorrekoak eta unibertsitate frantsesekin elkarlanean garatutakoak.

Graduondoko eskaintzari dagokionez, 2009-10 ikasturtean 4 Master Ofizial berriri eman zaie sarbidea eta beste hainbat titulu berri diseinatu dira 2010-11 ikasturtean abian jartzeko asmoz.

Bestalde, profesionalei gure unibertsitateak graduondoan duen esperientzia gerturatu nahian, elkarlanean dihardu Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Merkataritza Ganberekin eta Innobasque erakundearekin. Guztira, gure graduondoko titulu propio nahiz ofizialak 20 dira, eta horiei etengabeko prestakuntza-ikastaroen eskaintza zabala gehituz gero, 20.000 prestakuntzaordu baino gehiago eskaini dira guztira.

"MU plus" proiektua ere aipatu behar da, joan den ikasturtean landutako eta abian jarritako ekimen berria. Bertan, "lanbide-ikaskuntzarako espazio" bat diseinatu da, online modalitatean ere erabil daitekeena. Espazio hori lanean dabilen langileari zuzendua dago eta profesionalei Mondragon Unibertsitatearen prestakuntza-eskaintza guztia eskaintzen zaie, profesionalen beharretara egokituz, bai metodologiari, bai formatuari bai eta ordutegiari dagokionez ere.

Matrikulei dagokienez, 2009-10 ikasturtean 3.438 ikasle matrikulatu ziren Mondragon Unibertsitatean: 3.004 gradu-tituluetan, eta 417 graduondoko eta hirugarren zikloko ikasketetan. Horietatik 120 doktoretza-ikasketak egiten ari dira Mondragon Unibertsitatean.

Nazioarteko eremuan ere, atzerrira joaten diren ikasle eta irakasleen kopuruak gora egiten jarraitu du. 2009-10 ikasturtean 228 izan ziren atzerriko unibertsitateetara joan ziren ikasleak, eta Mondragon Unibertsitatera etortzen diren atzerritarren kopurua oraindik txikia izan arren, hark ere gora egin du. Bestalde, 430 ikaslek enpresetan egin zuten karreraamaierako proiektua eta 637k, ordea, ikasten jarraitu zuten lanaldi erdiko lan bat egiten zuten bitartean.

Ikerketari dagokionez, Mondragon Unibertsitateak elkarlaneko ikerketa-eredu bat sustatzen du, oinarrizko ikerketetatik hasi eta funtsezko hiru eragileren lankidetzarekin gauzatu den berrikuntzaraino doana: Unibertsitateak, Teknologia Zentroak eta Enpresak. Filosofia horrekin, unibertsitateak bere ikerketa-jarduerak sustatzen jarraitu du bere 10 ikerketa-ildoetan eta irakasleek I+G+i alorrari eskainitako bataz besteko dedikazioa % 34koa izan da.

Unibertsitateak I+G+b proiektu askotan hartu du parte: Korporazioaren Zientzia eta Teknologia Planaren proiektuetan, Eusko Jaurlaritzaren programetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren programetan, eta baita Europako eta Estatuko hainbat deialditan ere, non Izaera Berezi eta Estrategikoko 3 proiektu zuzentzen dituen. Ikerketajarduera horrek bultzada handia eman dio hirugarren zikloari, 18 doktore-tesi berri burutu baitira.



2009-10 ikasturtean proiektu estrategiko askotan egin du lan Mondragon Unibertsitateak: Basque Culinary Center, Enpresagintza Fakultateko Campus berria, Elektronika eta Sistema Txertatuen Ikerketa eta Berrikuntza Teknologikorako Zentroa, MU PLUS, MUren ON LINE proiektua, MEI-Mondragon Educación Internacional, eta Nazioarteko Bikaintasun Campusa.

Azkenik, eta ekintzailetzari dagokionez, "Mondragon Ekiten" plan integralaren barruan, 2009-10 ikasturtean ekintzailetzaren 4. topaketa ospatu zen, eta bertan, Mondragon Unibertsitateko 130 ikaslek hartu zuten parte. Era berean, Ideia Berrien lehiaketan hiru dira proiektuen garapen-eremuak: "enpresa-ideia berriak", "ingurumenaren garapena" eta "gazteria, aisialdia eta kirola".


© MONDRAGON S. COOP. | Humanity at work | Legezko Oharra | Web mapa