Jatorri Historikoa

Ez dago gizakiak eta herriak bereizten dituenik bizi diren egoeraren aurrean bakoitzak duen jarrera bezalakorik. Beren kabuz gertaeren norabidea aldatu eta historia egitea erabakitzen dutenek abantaila dute aldaketaren emaitzen zain egonean daudenekiko.

José María Arizmendiarrieta
(Arrasateko Esperientzia Kooperatiboaren sortzailea eta dinamizatzailea)

Ingurunea

Beste giza komunitate batzuek legez, Euskal Herriak ere lankidetzako hainbat ekonomi jarduera garatu ditu bere historian zehar. Jarduera horien eredu dira auzo-lanak edo nekazaritzarekin loturiko noizik behinkako jardunak. Komunitate-jaduera hori, halaber, euskal ekonomiarentzat oso garrantzitsuak diren erakundeetan ere gauzatu da, hala nola, arrantzaleen kofradietan edo herri-lurren aprobetxamendu antolatuan.

Logikoa denez, industri iraultzaren etorrerak praktika eta erakunde horien garrantzia oso murriztu zuen eta, beraz, lankidetzako ekonomi jardueren eredu berriak sortu ziren. Horren adibide ditugu Kontsumo Kooperatibak, Bilbo Handiko eskualdean agudo asko sortu zirenak, eta Industri Produkzioko Kooperatibak, hala nola, jite sozialista zuen Eibarreko Alfa.

Hala eta guztiz ere, esperientzia praktiko horiek eta adieraziriko lan teorikoa eten egin zituen Espainiako gerra zibilak. Ondorioz, jarduera horiek atzerakada handia jasan zuten, Euskal Herria ekonomikoki eta sozialki erorraldi sakonean murgilduz.
 

José María Arizmendiarrieta

Egoera horretan, 1941ean hain zuzen, heldu zen Mondragoera Jose Maria Arizmendiarrieta, Markinan, Bizkaiko probintzian, jaiotako apaiz gaztea. Pragmatismo handia eta lanerako gaitasun itzela zituelarik,

Jose Maria, Mondragoeko Kooperatiba Esperientziaren eragilea eta etengabeko animatzailea ez ezik, kooperatibista guztien eredu naturala ere izan zen 1976. urtean zendu arte.

Lehen urratsak

1943. urtean, Jose Mariak Lanbide Eskola sortu zuen, gaur egungo Mondragon Eskola Politeknikoa alegia, demokratikoki administratzen dena eta eskualdeko gazte guztientzat irekita dagoena. Mondragon Eskola Politeknikoak berebiziko garrantzia izan du Kooperatiba Esperientziaren sorreran eta ondorengo garapenean.

1956an eskola honetako bost gaztek Mondragoen gaur egungo Korporazioko lehen produkziogunea eratu zuten, hots, ULGOR, oraingo Fagor Electrodomesticos dena eta hasiera batean petroliozko berogailu eta sukaldeak egiten zituena.
 

Garapena

Ulgor, Arrasate (Fagor Arrasate) eta gaur egungo Eroski mila bederatziehun eta berrogeita hamarreko hamarkadako azken urteetan sortu ziren eskualdean. Espiritu berberak bultzatuta, bi kooperatiba horiek Caja Laboral Popular-Lankide Aurrezkia kreditu kooperatiba erditu zuten 1959an, Estabilizazio Planaren urte berean; lankidetzako benetako bankua eta Mondragon Experientzian barneraturiko kooperatiben bizitzan funtsezko elementua izan dena.  Hurrengo urteetan gertatu zen kooperatiben eklosio handia. Horrela, besteak beste Fagor Elektronika, Fagor Ederlan eta Danobat jaio ziren, eta Lankide Aurrezkiaren (Gaur egungo Euskadiko Kutxaren) Enpresa Dibisioa eratu zen, enpresen inkubagailu eta MONDRAGONren geroagoko bilakaeran oinarrizko figura izango zena. 

Mila bederatziehun eta hirurogeita hamarreko hamarkadan kooperatiba berrien sorrera eta ordurako sorturik zeudenak sendotzea gertatu zen eta ikerketa eta garapenaren arloan aurrerapen handia, Ikerlan ikerketa zentroaren sorrerarekin. 

Mila bederatziehun eta laurogeiko hamarkadan Mondragón Corporación Cooperativaren sorrera izan zen ezaugarri nagusia, Europako Ekonomi Elkartea sortzeak eta ekonomiaren globalizazioak dakarren erronkari aurre egiteko. Kooperatibak, hurbiltasun arrazoiengatik lehen eskualdeka antolaturik zeudenak, sektoreka egituratu ziren, produkzio antzekotasunak kontuan izanda. 

Laurogeita hamarreko hamarkadan, eta MONDRAGONk bultzaturik, Mondragon Unibertsitatea sortu zen, enpresaren beharrak asetzera bideraturiko unibertsitate pribatua. Halaber, urte hauetan sekulako hazkundea izan du negozio zifrak, neurri handi batean nazioartekotzea indartsu hazi delako. Gaur egun MONDRAGONk 38 industria lantegi ditu atzerrian eta 2005. urtean 60 izatera iritsiko dela aurreikusten da. 

Gaur egun, lehen fundaziotik ia mende erdi geroago, Mondragón Corporación Cooperativa Euskal Herriko lehen enpresa-korporazioa da eta Espainiako estatuko zortzigarrena, salmenta eta langile kopuruagatik.

Jose Maria Arizmendiarrietari buruz gehiago:


© MONDRAGON S. COOP. | Humanity at work | Legezko Oharra | Web mapa