Prentsa aretoa

Actuales | Buscar | RSS

Orona Berrikuntza eta Sustapen Gunea

  • Fecha: 31-10-2009

Argazkia Orona panoramiko igogailuaDonostiako Parke Teknologikoaren zabalkundeak, Oronak bultzatuta, 108.000 m2-ko azalera eraikigarria sortuko du Galarreta inguruan, eta bertan, beste hainbat jarduera berritzailerekin batera, Orona Berrikuntza eta Sustapen Gunea, Ikerlanen zentro bat eta Mondragon Unibertsitatearen eraikin berri bat kokatuko dira, hirurak ere MONDRAGON Korporazioan integratutako kooperatibak izanik.

Miramongo zabalkundeak kualifikazio handiko 1.000 enplegu baino gehiago sortzea ahalbidetuko du, eta 2010. urtearen amaieran hasiko da gauzatzen, gutxi gorabehera 160 milioi euroko inbertsio globalarekin. Oronak proiektuaren motor gisa jardun du, eta halaxe adierazi zuten aurkezpenean Eusko Jaurlaritzako Industriako sailburuordea den Xabier Garmendiak, Gipuzkoako Mugikortasun eta Lurralde Antolamenduko zuzendaria den Arantza Tapiak, eta Miramongo Parke Teknologikoaren zuzendaria den Lucio Hernandok.

Proiektua Miramongo Parkeko bazkide guztiek partekatzen dute –Spri, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala eta Kutxa–, Oronarekin batera. Zabalkundean aurreikusi diren 108.000 m2-etatik 40.000 Ikasleku Fundaziora zuzenduko dira, eta horren partaideak dira Orona, Ikerlan eta Mondragon Unibertsitatea; 60.000 m2 berrikuntza teknologikoko bestelako ekimenak garatzera bideratuko dira, eta gainerako 8.000ak, seguruenik, hotel bat eraikitzera.

Galarretan dagoen parke berriaren erdiko aldean Ikasleku Fundazioak sustatutako bateko eta besteko proiektuak ipiniko dira, eta hor 20.000 m2 Orona Berrikuntza eta Sustapen Gunerako eta egoitza korporatiborako izango dira, 15.000 m2 Mondragon Unibertsitatearen eraikin berrirako, oso kualifikazio handiko profesionalak prestatzeko, eta gainerako 5.000ak Ikerlanen zentro berrirako, zeinak garraio sistema iraunkorragoak garatzera zuzenduko duen bere jarduera, mugikortasunaren ikuspegitik.

Orona Taldeko zuzendari nagusia den Xabier Mutuberriaren hitzetan, Berrikuntza eta Sustapen proiektu berriak arlo akademikoa, zientifikoa eta enpresariala gune bakar batean elkartu nahi ditu: “ideia orain dela bost urte sortu zen, eta gaur egun errealitate bihurtu da, erakunde guztien ahaleginari esker”.

Proiektu “ameslaria eta handinahia” da, nabarmendu zuen Mutuberriak, eta izaera estrategikoa du MONDRAGON Korporazioarentzat. Proiektuaren bidez, ”herrialde honen etorkizunaren aldeko apustua eta daukagun konfiantza erakusten da berriro ere, inoiz baino gehiago gizartearekin eta enpleguarekin konprometituta, eta gure balio kooperatiboak indartzen dira”. Halaber, adierazi zuen Berrikuntza Gune honek Oronari beste dimentsio bat hartzea ahalbidetuko diola, 300 ingeniarirekin, eta aldi berean proiektu irekia dela azpimarratu zuen, “beste ekimen berritzaile batzuekin espazioa konpartituz”.

Orona Taldeak gaur egun duen bilakaerari dagokionez, Mutuberriak gogorarazi zuen ez daudela krisi ekonomikotik kanpo, are gehiago kontuan hartuta eraikuntzaren sektorearekin harreman estua dutela. “Edonola ere, ongi ari gara egoera jasaten, eta 2009. urtearen amaieran negozio bolumena aurreko urtearen parekoa izatea espero dugu, hau da, oso ona”.

Ildo horretan, zehaztu zuen ekitaldi honetarako aurreikusitako salmentak 578 milioi euro direla, hau da, 2008ko zifraren pare, “eta horrek esan nahi du ekitaldi benetan ona lortzea, gaur egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta”. Gaiari buruz adierazi zuenez, Taldeak etxebizitzaren merkatuan izan duen eroriko handia atzerrian asko salduta konpentsatu da, “Europako autobideari garaiz heldu geniolako”, azaldu zuen grafikoki, “eta horrek aukera emango digu oso zail zetorren urtea salbatu ahal izateko”.

Orona liderra da Espainian jasokuntzaren sektorean, eta bere sektoreko lehenengo 10 enpresen artean dago fakturazio zifrari dagokionez. Taldearen proiekzioa erakusteko, gogorarazi zuen munduan ipintzen diren 20 igogailu berrietatik bat Oronakoa dela, munduan gaur egun 180.000 igogailu daudela gipuzkoar kooperatibaren teknologia dutenak, eta bere lantoki guztietan 4.000 pertsonari ematen diela enplegua.

http://www.orona.es/


© MONDRAGON S. COOP. | Humanity at work | Legezko Oharra | Web mapa