Prentsa aretoa

Actuales | Buscar | RSS

150 Zuzendarien Topaketa

  • Fecha: 09-11-2009

Argazkia Zuzendarien TopaketaMONDRAGONeko Kooperatibetako 150 zuzendari nagusik baino gehiagok Topaketa batean parte hartu dute gaur, Zentro Korporatiboan, Jose M. Aldecoak presidituta, eta bertan 2010eko Gestio Planeko perspektibak eta jarraibideak aztertu dira.

Oronaren eta Fagor Etxetresnen esperientziak ere partekatu dira, horietako zuzendari nagusien azalpenen bidez, Xabier Mutuberria eta Txema Gisasola, zeinek berretsi egin duten bi kooperatiba handi horiek azken urteetan jarraitutako estrategia; aztergai hori hausnarketa egiteko oso elementu baliagarria izan da parte hartzaileentzat.

Aldecoaren ongietorri hitzen ondoren, Korporazioko Finantza Departamentuko zuzendaria den Belen Kortabarriak egoera ekonomiko globalari buruz jardun du, eta adierazi du, Estatu Batuetan eta Europan finantzak egonkortzen ari direlako zantzuak badauden arren, oraindik ere berregituraketa sakon bat egiteko dagoela, batez ere Espainian, bertako higiezinen sektorearen arazoengatik egoera oso baldintzatuta dagoelako. Horregatik guztiagatik, 2010. urtea ere urte zaila eta konplikatua izango da finantza erakundeentzat eta, ondorioz, enpresek finantzaketa lortzeko ere arazoak egongo dira.

Kortabarriak hainbat zeinu positibo aipatu zituen, horien artean Euroguneko industriaren eta kontsumitzaileen konfiantza handitzea, Espainian neurri txikiagoan gertatzen ari bada ere. Adierazi zuenez, inbertsioak ahul jarraitzen du, bereziki Espainian, ahalmen produktiboa infraerabiltzen ari delako, kredituak lortzeko murrizketak daudelako eta higiezinen sektorea desorekatuta dagoelako, eta horrek guztiak, zoritxarrez, 2010ean langabezia handitzea ekarriko du, Eurostatek dioenez. 

Iturri horren beraren arabera, kontsumoak moteldu egin du jaitsieraren erritmoa, baina oraindik ere tasa negatiboetan dabil, eta 2010erako aurreikuspenak dira % -1 Eurogunerako eta % -6 Espainiarako. Inflazioa maila baxuetan mantenduko da eta, oro har, Kortabarriak nabarmendu zuenez, BPGaren susperraldia urrun eta moderatua ikusten da 2010erako (% 3,1 munduko ekonomian, % 1,5 EEBBetan, % 0,3 Eurogunean eta Espainian % -0,7). Munduko hazkundea batez ere azaleratzen ari diren herrialdeetatik etorriko da, batez ere Txinatik, % 9 hazteko aurreikuspenarekin, eta Indiatik, % 6,4 hazteko aurreikuspenarekin, Munduko Diru Funtsaren arabera.

Laburbilduta, Kortabarriak adierazi zuen krisia ez dela amaitu, 2010ean gerta daitekeen susperraldiaren hasiera horrek ez duela esan nahi arazoak desagertuko direnik, eta erabakiak azkar eta aurretiaz hartzeak funtsezkoa izaten jarraituko duela.

Bere aldetik, Kontseilu Orokorreko lehendakaria den Jose Maria Aldecoak, bere hitzaldian, 2009. urtea bezain urte zailean kooperatibek egindako lana aitortu zuen; ahalegin hori enpresen datuen hobekuntza gradual batean islatzen ari da, eta horrek balioztatu egiten ditu orain dela urte bat egindako diagnostikoa eta erabakitako jarduera ildoa, negozioaren orientazio estrategikoari buruz, plantillak merkatuaren errealitatera egokitzeari buruz, produktuak eta prozesuak berritzeari buruz, gestio finantzarioari buruz, stockak murrizteari buruz, etab.

2010eko Gestio Planak lantzeko, Aldecoak ekintza ildo nagusi hauek aurkeztu zituen epe ertain eta luzera begira: berrikuntza, nazioartekotzea eta gestio eredu korporatiboa. Eta epe laburrera: lehiakortasuna, finantziazioa eta enplegua.

Berrikuntzan, berrikuntza integrala lortzeko prozesuak abiatuz eta, dagokionean, negozioen etorkizuneko posizionamendua zalantzan jarriz. Nazioartekotzean, batez ere BRICetan (Brasil, Errusia, India ea Txina) presentzia handiagoa bultzatuz, izan ere, azken urteetan ahalegin handia egin bada ere, MONDRAGONeko industri kooperatibek beren salmenten % 9,3 baino ez dute esportatu herrialde horietara. Gestio eredu korporatiboari dagokionez, horren aplikazioa irmo bultzatuz, izaera kooperatiboak dakarren abantaila lehiakorra indartzeko, enpresa proiektu bat partekatzen duten Lankidetzako Pertsonetan oinarrituta, horren garrantzia are handiagoa baita krisi momentu hauetan.

Lehiakortasunari dagokionez, berriz, Aldecoak alderdi bikoitz bat nabarmendu zuen: produktibitate handiagoa lortzea, lanpostu bakoitzeko eta lan egindako ordu bakoitzeko balio erantsia handituz, eta horniduren politika hobetzea. Puntu hori bereziki azpimarratu zuen, eta berriro adierazi zuen hemen eta azaleratzen ari diren herrialdeetan materialak eta zerbitzuk erosteko modua hobetu egin behar dela, kooperatiba bakoitzarentzako helburu indibidualekin, izan ere, urtean guztira 100 milioi euro aurreztea gerta baitaiteke. Ildo horretan, Korporazioak dagoeneko dituen tresnak indartzearen garrantzia azpimarratu zuen: Nazioarteko Erosketa Zentrala, batez ere Txinan eta Indian diharduena, eta Ategi Erosketa Ataria.

Finantzaketaren atalean, adierazi zuen Altxortegiaren gestioari lehentasuna eman behar zaiola, eta gogorarazi zuen aurrea hartzea eta planifikatzea ezinbestekoak direla negozioen egonkortasun finantzarioa bermatuko bada. Eusko Jaurlaritzaren Resiste Plana erabiltzera ere gonbidatu zuen, beharrezko jotzen duten kooperatibetan pasiboa egituratzeko, eta Barne Baliabideak gestionatu beharra ere seinalatu zuen, finantzatzeko bide gisa, inbertsioak mugatuz eta stockak doituz. Halaber, adierazi zuenez, kooperatiben arteko maileguak egiten jarraituko da, bankuen finantzaketan sartzeko arazo gehien duten kooperatibei laguntzeko; gestio finantzario korporatiboa hobetzeko beste proiektu batzuk ere aztertzen ari direla jakinarazi zuen.

Hitzaldiaren amaieran, zuzendari guztiei errekonozimendua adierazi zien 2009an egindako ahaleginagatik, oso urte gogorra izan baita, eta gogorarazi zuen badirudi gainbeherak hondoa jo duela, eskaeren zorroan, errentagarritasunean eta, pixkana bada ere, enpleguan gertatu den hobekuntza txikiak erakusten duenez. Esan zuenez, “bide zuzenean goaz, baina hobekuntza txiki horiek egia izanik ere, 2010. urtea ere oso ekitaldi zaila izango da, eta kooperatiben eguneroko gestioaren mekanismo guztiak errealitate horretara egokitu behar ditugu, epe ertain eta luzerako neurrietan indar berdinarekin jardun behar dela ahaztu gabe”.
 

www.mondragon-corporation.com


© MONDRAGON S. COOP. | Humanity at work | Legezko Oharra | Web mapa