Prentsa aretoa

Aktual artikuluak | Bilatu | RSS

MONDRAGON Automocionek bere proiektua aurkeztu du: “Auto elektrikoa/mugikortasun iraunkorra”

  • Fecha: 21-06-2010

Ekainaren 18an, MONDRAGON Automocionek bere kredentzialak aurkeztu ditu, Garaia Berrikuntza Gunean, Automoziorako soluzio integralen hornitzaile gisan, mundu osoan sektore honetan mugikortasun iraunkorraren inguruan sortu den panorama berriaren aurrean. Citycar azken urte eta erdian “Mugikortasun Iraunkorraren” arloan egin den lanaren erakuslea da, Automocionen produktu, jarduera eta negozio berriak garatzea ahalbidetuko duena.
 
Citycar modelo propioa ez ezik hainbat ekimen eta proiektu zehatz ere aurkeztu dira, eta horrek sendotu egiten du Automocionen erreferentziazko posizioa sektorean eta mundu osoan.  
 
City car. MONDRAGON barruko hainbat enpresaren artean pentsatutako eta garatutako lehen citycarra da. Izan ere, proiektu hau gauzatu ahal izateko, lankidetza izan da ardatza. Lankidetza horretan MONDRAGON Automocion izan da buruan, honako hauen parte hartzearekin: Edertek Technology Centre, Koniker eta MTC teknologia zentroak; Mondragon Eskola Politeknikoa eta LKS Diara, proiektuan Lotus Engineering-en esperientzia baliatu ahal izan dutenak.
 
MONDRAGONek asmatutako hiriko ibilgailu elektrikoak 45 kw-eko potentziako motorra dauka, 5 segundoan 0tik 50 km/h abiadurara iristen da, 105 km/h gehienezko abiadura hartzen du eta 80 kilometroko autonomia dauka. Ibilgailuaren diseinua egiterakoan, bidaiarien segurtasuna izan da jarraitutako irizpiderik garrantzitsuena. Bere aurrealdeko egitura bereziki pentsatua dago kolpeak xurgatzeko, eta serieko 9 airbag dauka. Lau pertsonarentzako pentsatutako autoa da eta, atzealdeko maletategiaz gain, aurrealdean ere maletak eramateko leku osagarria dauka, hirian ibiltzeko oso erabilgarria dena.
 
Lotus Range Extender. Bestalde, aste honetan bertan Fagor Ederlanek eta Lotus Engineering-ek akordioa sinatu dute eta Eko-motor sorgailu bat garatzeko giltzarriak identifikatu dituzte, ondoren fabrikatzeko. Akordioak aukera emango dio Fagor Ederlani motor horiek automozioaren sektorerako diseinatu, fabrikatu eta merkaturatzeko negozio berri bat garatzeko. Lotus Range Extender-a motor ekologiko berri bat izango da etorkizuneko automobil elektrikoentzako. Motor horrek egungo automobilen CO2 igorpenak nabarmen murriztea ahalbidetuko du. Lotus Engineeringek lehen prototipoa aurkeztu zuen martxoan Genevako azokan.
 
Gaur egun, Fagor Ederlanen eta Lotus Engineeringen arteko lankidetza esparruan lankidetzarako I+G plan bat ezarri da, eta horren emaitza hauxe izango da: etorkizunean, Euskadin Range Extender motorrak fabrikatu eta mihiztatzea. Motor berria 2010 eta 2013 bitartean garatuko du Lotuseko eta Edertekeko –Fagor Ederlan Taldeko I+G unitatea– 60 ingeniari ikertzailek osatutako talde misto batek. 
 
CIDIA. Zerbitzuetako kooperatiba berri hau oraintsu eratu da eta bertan MONDRAGON Automocionek eta Mondragon Eskola Politeknikoak parte hartzen dute. Automobilak garatzeko I+G zentro bat da eta hiru helburu dauka. Batetik, erakundea baliagarri izango zaio MONDRAGON Automocioni negozio eta jarduera berriak sustatzeko; bestetik, Mondragon Goi Eskola Politeknikoari automozioaren sektorearen inguruan ikerkuntza egituratzea ahalbidetuko dio; eta azkenik, ikertzaileen nukleo bat artikulatu ahal izango da –hasieran, 7 pertsonak lan egiteko– ibilgailuaren garapen integralean jarduteko.  
 
MONDRAGON Automocionek bere estrategia nagusiari eutsiko dio, automobilen fabrikatzaileentzat lehen mailako talde hornitzaile gisa. Era berean, auto elektrikoaren aukerak aprobetxatu nahi ditu bezeroekiko lankidetza hobetzeko, eta sinetsita dago, aldaketa handiko agertoki honetan, auto elektrikoak ekoitzi ahal izango dituela etorkizunean.
 
“Auto elektrikoa/Mugikortasun iraunkorra” proiektuari buruzko datuak

- 35 ikertzailek lan egin du urte eta erdian auto elektrikoaren proiektu hau sortzeko.
- Gaur egun, MONDRAGONeko 130 ikertzailek dihardu auto elektrikoarekin lotutako produktuen lanketan.
- Aurreikusten da 15 milioi euro inbertituko dela epe laburrerako programen garapenean.
 
MONDRAGON Automocion barruan dozena bat enpresa dago. Enpresok, guztira, 1.300 milioi eurotik gorako salmentak izan zituzten 2009an eta 9.000 pertsona inguruk jardun zuen lanean.
 
MONDRAGON Korporazioa lau alorren inguruan egituratua dago: Finantzak, Industria, Banaketa eta Ezagutza eta, gaur egun, lehenengo euskal enpresa taldea da eta Espainiako zazpigarrena. 2009an ia 15.000 milioi euroko diru sarrerak izan zituen eta batez besteko plantilla 85.000 pertsonatik gorakoa izan zen.
 
 

© MONDRAGON S. COOP. | Humanity at work | Legezko Oharra | Web mapa