|
|
FPK-k Brasilgo lantegia inauguratu du
FPK-k konpositezko osagai estrukturalak eta aerodinamikoak diseinatu eta fabrikatzen ditu, eta ibilgailu arinetarako soluzioak eskaintzen ditu, aerodinamika optimizatzeko eta, bezeroekin elkarlanean arituz, erregai kontsumoa eta emisioak murrizteko. Enpresaren egoitza Zamudion dago (Bizkaia), eta gaur, otsailak 24, Brasilgo Parana estatuko hiriburua den Curitiban erosi berri duen produkzio planta inauguratu du.
FPK do Brasil Componentes Automotivos lantegi brasildarrak gaur egun 90 pertsona enplegatzen ditu, eta plataforma bikaina da bere produktuak Brasilgo merkatuari eskaini ahal izateko.
Neurri berria
Lantegi horren inaugurazioarekin, FPK-k bere negozioa birdimentsionatzeko prozesua amaitu du. Bizkaitar enpresa, 18 urtez, MONDRAGONen eta Alemaniako Aksys GMBH taldearen arteko joint venturea izan da, beira zuntzez indartutako plastikozko piezak fabrikatzen zituena. FPK hazteko prozesua kide alemaniarrari sozietatean zuen partaidetza erosi ziotenean hasi zen, eta ondoren FPK kooperatiba bihurtu zen. Kooperatiba misto horretan FPK-ko, MONDRAGON Inbertsioetako eta Batz kooperatibako lan bazkideek beraiek parte hartu zuten. Ondoren, 2010eko uztailean, Hannoverretik gertu dagoen Peinen (Alemania) 120 pertsonako planta bat erosteko operazioa itxi zen, automozioaren sektorerako plastiko indartuzko produktu estrukturalak eta aerodinamikoak lortzeko zegoen eskaerari herrialdetik bertatik erantzuteko.
Horrez gain, aurreko urtearen amaieran Brasilgo Curitibako lantegi berria erosteko operazioa itxi zen; hain zuzen ere, gaur bertan inauguratu da hori, Brasilgo hegoaldean dagoen hirian. Horrenbestez, FPK-k bere negozioa maila globalean kokatzea lortu du, eta urte batean baino gutxiagoan hirukoiztu egin ditu bere negozio zifra zein sozietateen lanpostuak. Aldi berean, merkatuak erreakzio positiboa izan du enpresa operazio honen aurrean eta, urtearen bigarren seihilekoan zehar, eskari berri ugari atzitu dira, zalantzarik gabe, FPKren enpresa proiektua finkatuko dutenak.
FPK Lightweight Technologies
Hiru ekoizpen lantegi hauek MONDRAGONeko Tresneria eta Sistemen Dibisioan integratu dira, Batz kooperatibaren baitan
FPK Lightweight Technologies izenarekin sortu den negozio linea berri batean. Batzen apustu estrategiko berria da, konpositezko material berrien erabilerara zuzendutako ahalmen teknologikoa nabarmen handitzea ahalbidetuko diona, ibilgailuen pisua murrizteko eta, ondorioz, CO2 emisioak murrizteko.
Bere bezero nagusien artean daude dagoeneko Volkswagen, Seat, Skoda, Audi, PSA, Renault, Volvo, Jaguar eta Land Rover, besteak beste.
2011ko ekitaldi honetarako, aurreikuspenen arabera, fakturazioa 37 milioi euro izango da, eta langile taldean 265 pertsona arituko dira. 2015ari begira, berriz, negozio zifra 50 milioi euro izatea espero da, eta produktu berrien garapena areagotu egin nahi da, bere sozietateen arteko berrikuntza eta lankidetza prozesuen bitartez.
MONDRAGON Korporazioko Kontseilu Orokorreko lehendakaria den Jose Maria Aldecoaren hitzetan, proiektu hau oso garrantzitsua da automobilgintzaren sektorearen jarduera osagarri gisa; MONDRAGONek 10.000 pertsona inguru enplegatzen ditu sektore horretan, eta aurten 1.500 milioi euro inguruko fakturazioa lortuko du. Halaber, FPKren adibidea nabarmendu zuen, “joint-venture lokala izatetik, Alemaniako matrizea eta Brasilgo filiala erosi eta gero nazioarteko taldea izatera igaro baita”.