|
|
Osatu kooperatibak desfibriladoreak emango dizkio Gurutze Gorriari
Emaitza Gurutze Gorriak eta Mondragon Korporazioak, Osatu kooperatibaren bitartez, izenpetu duten hitzarmenari esker gauzatu ahal izan da, gaur komunikabideei emandako prentsaurrekoan jakin ahal izan denez. Gipuzkoako Gurutze Gorriko lehendakaria den Enrique Samaniegok eskerrak eman ditu emaitzagatik, “hondartzetan eta lurraldeko beste leku publikoetan desfibriladorea gehiago erabiltzea” ekarriko baitu".
Gurutze Gorriko boluntarioa eta mediku intentsibista den Felix Zubiak, berriz, desfibriladorearen erabateko garrantzia azpimarratu du, eta testu bat idatzia du hori erabiltzen laguntzeko, Osatuk liburu moduan argitaratu duena, eta “desfibriladoreei buruzko informazioa jasotzen duten guztientzako gida izango dena”.
Gurutze Gorriak bihotz-biriketako bizkortzerako prestakuntza programak garatzen ditu, bai bere boluntarioentzat, bai hala nahi duten beste herritarrentzat, eta azken hiru urteetan Gipuzkoan 1.000 pertsonari baino gehiagori eman dizkie ikastaroak, horietatik 400 lagun erakundeko boluntarioak izanik. Hainbat azterketak egiaztatu dutenez, behar bezala prestatuta dauden pertsonek KDA erabiltzea ezinbestekoa da ospitalez kanpoko bihotz-biriketako gelditzea duten pazienteen bizitzarako.
Ildo horretan, Osatuko gerentea den Felix Ajuriak gogorarazi zuen gaixotasun kardiobaskularra dela herrialde garatuetan heriotzako lehenengo kausa, eta bere adierazpenik dramatikoenetakoa bat-bateko bihotz heriotza da, bihotzaren jarduera elektrikoa bat-batean eteten denean gertatzen dena. Kasu horietatik gehienak ospitalera iritsi aurretik gertatzen dira, eta kalkulatzen da bizitzeko probabilitatea %7-10 murrizten dela desfibrilazioa atzeratzen den minutu bakoitzeko. Ondorioz, bizirik iraun ahal izateko katearen oinarrizko maila desfibrilazio goiztiarra da.
Ajuriak adierazi zuenez, Espainian urtero ospitalez kanpoko 24.500 bihotz gelditze baino gehiago gertatzen dira, “auto istripuak halako lau”, hau da, 20 minutuz behin bihotz gelditze bat gertatzen da. Bat-bateko bihotz heriotzaren kausa nagusietakoa arritmia bentrikular hilgarriak dira; horiek deskarga elektriko bat (desfibrilazioa) emanez tratatzen dira, eta kanpo desfibriladore automatikoak erabiliz ematen da.
Horretarako, oinarrizkoa da pertsonak desfibriladorek erabiltzeko prestatzea, eta horixe da Gurutze Gorriaren ikastaroen helburu nagusia, aipatu desfibriladoreak fisikoki edukitzeaz gain. Bide horretan laguntza handia eman dezake Osasun ministroa den Bernat Soriak iragarri duen arautegi estatal berria indarrean jartzeak; horren arabera, jende pilaketa handiak gertatzen diren lekuetan derrigor desfibriladoreak ipini beharko dira, esaterako, aireportuetan, saltoki handietan, estadioetan, hondartzetan eta abarretan.
http://www.osatu.com