|
|
Fagor Etxetresna Elektrikoak-ek "Stop CO2 Euskadi" ekimenean parte hartuko du, aldaketa klimatikoaren aurka duen konpromisoaren barruan
Proposamena atzo aurkeztu zuten, EAEko Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko sailburua den Esther Larrañagak eta IHOBEko zuzendari nagusia den Xabier Cañok presiditu zuten ekitaldi ofizialean. Fagor Etxetresna Elektrikoen aldetik Begoña Igartua egon zen presente, enpresaren Kalitate eta Iraunkortasuneko zuzendaria den heinean.
Fagorrek "Plus Bazkide" gisa parte hartzeko arrazoia Arrasateko Garagartzako Plantan garatzen duen jarduera da; bertan etxean erabiltzeko garbigailuak, ontzi garbigailuak, labeak eta sukalde gainaldeak diseinatu eta egiten dituzte.
Plus Bazkidearen izaerarekin hartutako konpromisoak esan nahi du hainbat ekintza egingo direla: berotegi efektua eragiten duten gasen urteko inbentarioa, CO2 Kudeatzeko Urteko Plana, gauzatutako ekintzen zabalkundea edo ingurunea sentsibilizatzea aldaketa klimatikoak sistema naturaletan duen eraginari buruz.
Fagorrek nazioarteko ibilbide luzea du ingurumena errespetatzeari eta zaintzeari dagokionez. Zehazki, Fagor Etxetresna Elektrikoak Taldea 2005-2008 Europarako Energia Iraunkorraren kanpainan partaide da: kanpaina hori Europako Batasunaren kontzientziazio kanpaina da, CO2 emisioak murriztea eta energia eraginkortasunez sustatzen duena, baita europar enpresen lankidetza ere energiaren ezagutzari dagokionez, ezagutza hori beharrezkoa baita Kyotoko protokoloa sinatzean hartzen diren konpromisoak betetze aldera.
Horrez gain, AENORek ematen duen Ekodiseinuko 1. ziurtagiria dauka, eta ingurumen kudeaketa ISO 14001 arauaren arabera du ezarrita eta egiaztatuta. Ekodiseinuaren metodologiaz diseinatutako produktuek aukera ematen dute beren ingurumen inpaktua aztertzeko eta minimizatzeko, produktu bakoitzaren bizitza zikloa ebaluatzeko tresna baten ezarpenaren bidez. Horren helburu nagusia da produktuak erabiltzean eraginkortasun energetikorik handiena lortzea.
Azkenik, nabarmen daiteke Fagor Etxetresna Elektrikoak-ek partaide aktiboa dela CEDED-Europako Etxetresna Elektrikoen Fabrikatzaileen Elkartean, non Europako 15 fabrikatzailerik eta erakunde nazionalik handienek parte hartzen duten, CO2 igorpenak murrizteko borondatezko hitzarmenen bitartez; horrez gain, kode etiko bat ere badute, eta horko printzipio, balio eta praktika onak zabaltzen dituzte nazioarte mailan hornitzaileen artean.
http://www.fagor.com