Prentsa aretoa

Actuales | Buscar | RSS

Kide-k Indiako lantegia inauguratu du

  • Fecha: 28-04-2009

RCS KIDE PVTY joint-venture bat da, eta partaidetzaren %51 Kiderena da eta %49 Indiako RCS “Roots Cooling” kidearena. Puneko instalazioetan hotz kameratarako panel eta ate isolatzaileak fabrikatzen hasi da, eta hozketa komertzialerako eta industrialerako ekipamenduak merkaturatzen hasi da, Indian kalitateko hotz kameren merkatuan liderra izateko helburuarekin.

Hasierako langile taldea 15 pertsonak osatzen dute, eta urtearen amaieran 20 izatea espero da; 2009ko lehendabiziko ekitaldi honetan fakturazioa 5 milioi euro inguru izatea aurreikusi da, jarduera eremutzat India eta inguruko herrialdeak harturik.

Puneko lantegia, egun, alokatutako pabiloi batean dago, eta Kidek espero du 20 hilabetez bertan aritzea. Denbora horretan zehar RCS KIDE PVTY lantegia eraikiko da, behin betikoa, MONDRAGON INDIA Industrialdean, hain zuzen ere alokatutako behin-behineko planta horren ondoan, halaber Maharashtra estatuan.

Behin betiko lantegia 40.000 m2 erabilgarriko lursail zabal batean kokatuko da: bertan, hasieran, Kidek 8.000 m2-ko produkzio lantegi bat eraikiko du, eta hurrengo urteetan zabalkundeak egiteko aukera kontuan hartu da. Aurreikuspenaren arabera, lantegia 2010eko azken hiruhilekoan jarriko da martxan, eta ekitaldi horretan espero da fakturazioa 8 milioi eurora iristea, lan taldean 40 langile izanik.

Kide Kooperatibak 2008an 25 milioi euro baino gehiago fakturatu zuen, eta panel eta ate isolatzaileak ekoizten ditu, baita hotz ekipamendu komertzialak ere; horrez gain, liderra da Espainian nekazaritza elikadurako hotz kameren sektorean. Frantzian eta Portugalen filialak dauzka, eta orain nazioartekotze proiektu handinahi batean sartuta dago, merkatuak dibertsifikatzeko helburuarekin salmentei, ekoizpenari, aliantzei eta erosketei dagokienez.

Nazioartekotzeko prozesu horren barruan, azpimarratu behar da Indiako filial horretaz gain, Kidek Txinan ere beste produkzio planta bat daukala, Jiaxing hirian, iaz hasi zena jarduten: hozte komertzial eta industrialerako ekipamenduak egin eta merkaturatzen ditu, Txinako eta, oro har, Asiako merkatuetara zuzenduta. Plantillan 12 pertsonak dihardute, eta aurten 2 milioi euro fakturatzea espero du.

Indiako eta Txinako proiektu horiekin, Berriatuko kooperatibak sendotu egin nahi du potentzial handia eta hazkunde nabarmena duten nazioarteko merkatuetan duen presentzia. Helburu horrekin berarekin, nazioartean kokatzeko beste aukera batzuk aztertzen jarraitzen du, batez ere merkatu latinoamerikarrean, eta asmoa datorren hirurtekoan gauzatzea espero du.

 

http://www.kide.com
 


© MONDRAGON S. COOP. | Humanity at work | Legezko Oharra | Web mapa