Lehendakariaren Mezua
2010eko ekitaldia, MONDRAGONerako, ona izan dela
esan dezakegu. Korporazioan sartuta dauden enpresek
ahalegin handiak egin dituzte, eta ahalegin
horiei esker iazkoak baino emaitza global hobeak
lortu dira.
Dudarik gabe, bilakaera positibo hori, neurri handi
batean, 2009an abian jarritako jarraibide eta
jarduketa ildoei esker izan da posible, hain zuzen
ere finantza, ekonomi eta enpresa alorrean kooperatibetan
hedatu eta 2010ean fruitua eman duten
hainbat neurriri esker. Neurri horiekin asmatu
izanak eta kooperatibek nazioarteko merkatuetan
izan duten presentzia handiagoak eta berrikuntzaren
alde egindako apustu sendoak gure negozioen
lehiarako gaitasuna hobetzea ekarri dute, bai eta
2010aren bukaeran guztirako salmentak hobeak
izatea eta MONDRAGONeko emaitzak nabarmen handitzea
ere.
Korporazioa osatzen duten arloen bilakaerari dagokionez,
esan behar da Finantzetan, sektorerako
eszenatokia zaila izanda ere, MONDRAGONeko
erakundeek ondo gainditu dutela ekitaldia beraien
negozioen efizientzia hobetzeko neurriak hartuta;
Banaketa arloan, ekitaldian kontsumoa apala izan
bada ere, urrats esanguratsuak egin dira bankuekiko
zorra murrizteko bidean, barne efizientzia hobetzeaz
aparte, eta bezeroentzako "prezio lehiakorrenean"
oinarritutako estrategia baten alde egin da; Ezagutzaren
alorrean, aurrera egin da MONDRAGON Health
proiektua sendotze lanetan eta enpresa proiektu
berriak bultzatzeko lankidetzako plataformak eratze
lanetan, eta, bukatzeko, industria alorrean, nazioarteko
merkatuetan presentzia handiagoa izan
dugu eta horri esker jarduera hobetu eta industriako
enplegua sortu ahal izan da. Ildo horretan,
azpimarratzekoa da nazioarteko salmentek % 13,3
gora egin dutela iazko ekitaldiarekin alderatuta,
guztiarekiko % 63 izatera helduta eta gure presentzia
komertziala sendotuta Europako merkatuetan eta azaleratzen hasi diren Brasil, Txina, Errusia eta
India moduko herrialdeetan.
Eta joera horrekin jarraituko da datozen urteetan:
MONDRAGONen nazioarteko osagaia sendotzeko
apustu sendoa egiten jarraituko da, epe luzera
iraunkorrak diren enpresa proiektuak garatzeko
ezinbesteko baldintza gisa.
Bai eta berrikuntzaren aldeko apustuarekin ere, zeina
korporazioaren identitate ezaugarria eta korporazioaren
garapenaren ardatza baita. 2010ean apustu
hori sendotu egin da bitarteko garrantzitsuak eta
pertsona asko horretara bideratuta. Informazioaren
eta ezagutzaren gizartean eta abiada bizian eraldatzen
ari den mundu global batean bete-betean sartuta
gaudela, berrikuntzarekin eta ezagutzarekin
lotutako agenteek protagonista izaten jarraitzen
dute enpresa proiektuen bilakaeran. Mondragon
Unibertsitatea, zentro teknologikoen sarea eta kooperatiben
I+G unitateek aparteko esfortzua egingo
dute MONDRAGONen jarrera berritzailea egiaztatzeko
etorkizunerako bermerik hoberena delakoan.
Eta hori guztia eredu kooperatiboaren baitan, Printzipioak,
Balioak eta Gestio Eredua partekatuta,
eta taldearen indarrean uste sendoa izanda, hazten
jarraitzeko eta korporazioak aberastasunaren eta
enplegua sortzearekin duen konpromisoa egia bihurtzeko.