MONDRAGON Fundazioa

MONDRAGON Fundazioaren xedeak dira MONDRAGON Korporazioko kide diren kooperatib autonomo independenteen eremuan ekonomia soziala bultzatzea, heziketa eta prestakuntza soziokooperatiboa eta profesionala sustatzea, baita kooperatiba kideen maila teknologikoa handitzera zuzendutako ikerketa eta garapena ere.

Modu osagarrian, kooperatiba kideentzat interesgarriak diren Korporaziokoak ez diren beste erakunde batzuen jarduerak ere sustatzen ditu.

Fondoak eta Aplikazioak
MONDRAGON Fundazioaren helburuak fondo korporatibo hauen bitartez bideratzen dira:
KHSF (Kooperatiben arteko Heziketa eta Sustapen Fondoa): MONDRAGON Fundazioari atxikitako kooperatibek KHSF Hitzarmenaren bidez emandako baliabideekin osatzen da, eta horiek elkarrekin administratzen dira batik bat alderdi hauek sustatzeko eta babesteko:

  1. Prestakuntza sozio-kooperatibo eta profesionala, atxikitako kooperatibetako eta horiekin lotura duten hezkuntza zentroetako teknikarien, zuzendarien eta bazkideen gaitasuna handitzera zuzenduta.
  2. Ikerketa eta garapena, KHSFri atxikitako kooperatiben maila teknologikoa handitzera zuzenduta.

LFZ (Lankidetza Fondo Zentrala), MONDRAGON Fundazioari emandako baliabideekin osatzen da, MONDRAGONeko kooperatiben proiektu bateratuetara edo lehentasunezko interesa duten jardueretara zuzentzeko, hala nola:

  • Interes enpresarial edo estrategiko berezia duten proiektuak laguntzea.
  • Sinergia komertzialak edo teknologikoak eskaintzeko egiazko ahalmena duten bestelako kooperatiba edo Kapital Sozietateetara zuzentzea, azkenean MONDRAGONeko kooperatiben mesedetan bideratzeko.
  • Jarduera berriak sustatzea.
  • MONDRAGONeko kooperatibak ekonomikoki indartzea, eta egin beharreko berregituratze proiektuei laguntza berezia ematea, egoera berezietan progresiboki egokitu ahal izateko.

EFK (Elkartasun Fondo Korporatiboa), Industria Arloko kooperatibek MONDRAGON Fundazioari emandako baliabideez hornitzen da, eta MONDRAGONeko industri kooperatiben egoera ekonomikoa indartzea ahalbidetuko duen fondo bat sortzeko helburua du.
Laburbilduta, MONDRAGON Fundazioaren baliabideak, zuzenean edo zeharka, ekonomia sozialaren garapena, hezkuntza, ikerketa eta prestakuntza teknologikoa, humanoa eta soziala sustatzera zuzentzen dira, progresiboki eraldaketa sozio-ekonomikoa lortzeko, MONDRAGONen beharren eta aukeren bilakaerarekin bat eginda.

Patronatua
MONDRAGON Fundazioaren Patronatua MONDRAGON Korporazioko Kontseilu Orokorreko kide berberek osatzen dute, eta ildo horretan ezarrita dago kooperatibek, hainbat dibisio sektorialen bidez, presentzia izango dutela Gobernu Organo horretan, Zentro Korporatiboari atxikitako hainbat pertsonarekin batera.