FAQak

KorporazioaKooperatibismoBarne funtzionamenduaEnpresa estrategia
Zein da MONDRAGON Korporazioaren oinarrizko egitura?

Enpresa egiturari dagokionez, MONDRAGON osatzen duten kooperatiba autonomo independenteen jarduera lau arlotan antolatzen da: Finantzak, Industria, Banaketa eta Ezagutza. Arloek modu autonomoan funtzionatzen talde estrategia baten barruan, Zentro Korporatibotik koordinatuta.

Finantzen Arloan banku jarduera, gizarte aurreikuspena eta aseguruak sartzen dira. Industria Arloan hamabi Dibisio daude, ondasun eta zerbitzuak ekoizteko jardueran. Banaketa Arloan banaketa komertzialeko eta nekazaritza elikadurako negozioak elkartzen dira. Eta Ezagutzan, berriz, Ikerketa Zentroak daude, 4.750 ikasle dituen Unibertsitatea eta hainbat Lanbide Heziketako zentro eta bestelako ikastetxe.

Banakako Kooperatibak MONDRAGON antolatzeko egituraren oinarrizko maila osatzen du. Adierazpen eta subiranotasun organo gorena Batzar Nagusia da, eta kudeaketa eta ordezkaritzako organo gorena, berriz, Kontseilu Errektorea. Bigarren organo hori Zuzendari Gerentea hautatzeaz arduratzen da. Enpresa sektore berean jarduten duten Kooperatibak Dibisioetan integratzen dira.

Dibisio bakoitzak Lehendakariorde korporatibo bat du buru. Kontseilu Orokorreko Lehendakariak eta 14 Lehendakariordeek, Korporazioko Departamentu Zuzendariekin batera, Korporazioko zuzendaritza organoak osatzen dituzte. Kontseilu Orokorra estrategia eta helburu korporatiboak lantzeaz, koordinatzeaz eta aplikatzeaz arduratzen da.

Bestalde, Kongresu Korporatiboko Batzorde Iraunkorra Kongresuak hartutako politika eta erabakien exekuzioa sustatzeaz eta kontrolatzeaz arduratzen den gobernu organoa da. MONDRAGONEN enpresa eboluzioaren eta Kontseilu Orokorreko Lehendakaritzaren kudeaketaren etengabeko jarraipena egiten du. Batzordea 21 kidek osatzen dute, eta kide horiek Korporazioko Dibisioen ordezkariak dira.

Kongresu Kooperatiboa MONDRAGON Korporazio Kooperatiboaren subiranotasun eta ordezkaritzako organo gorena da; Batzar Nagusiaren baliokidea da. 650 biltzarkidek osatuta dago, alegia, kooperatiba atxiki guztien ordezkariek. Bertan hartzen diren erabakiek kooperatiba atxiki guztiei eragiten diete.

Zein esan daiteke direla MONDRAGONeko Esperientziaren arrakastaren klabeak?
Gure errealitate kooperatibo eta enpresarialaren arrakastarako arrazoiak hitz gutxitan azaltzea ez da gauza samurra. Sintetizatzeko ahalegina eginda, honako klabe hauek aipa daitezke:

  • Esperientzia sustatu zuen Arizmendiarrietaren lidergoaren rol erabakigarria, etorkizunari begira ikuspegi handia eta, bere ideiak gauzatzeari dagokionez, ikasle eta dizipuluengan eragin garrantzitsua izan zuelarik.
  • Kooperatibaren izaera pertsonalista, hau da, pertsona kapitalari gailentzen zaio, eta horrek bazkidea kooperatiban asko inplikatzea dakar, kapitalean eta kudeaketan zuzenean parte hartzen eta adostasunerako eta lankidetzarako giro positiboa sortzen laguntzen duelarik.
  • Egintza kooperatiboari buruzko ikuspegi erabat enpresariala, printzipio gisa enpresaren errentagarritasuna eta kudeaketaren efikazia hartzen dituena, modu planifikatu eta zorrotzean.
  • Sortutako baliabide gehien-gehienak berriro inbertitzen dira.
  • Inguruneko aldaketei etengabe egokitzea.
  • Elkarlanerako tresna eraginkorrak sortzea: finantzen arloan, hornikuntza sozialari dagokionez, berrikuntza eta I+Garen inguruan, enpleguaren zein krisi egoeren gestio koordinatuan.

Azkenik, Arrasateko Esperientziaren arrakastarako funtsezko elementua, bai hasieran, bai gaur egun, formazioari ematen zaion garrantzia da: bai prestakuntza arautua, gure Fakultate Unibertsitarioetan eta Lanbide Heziketako Eskoletan ematen dena, bai Etengabeko Prestakuntza, birziklatze eta hobekuntza profesionalari lotua.

MONDRAGONeko Kooperatibismoak izan al du inoiz Estatuarekin edo Administrazio Publikoarekin loturarik?
Ez sortu zenean, ez ondoren izan duen bilakaeran, gure sistema kooperatiboak ez du Estatuarekin edo inolako Administrazio Publikorekin loturarik izan. Gure Kooperatibak pertsona autonomoz osatutako taldeek sortu dituzte eta horiek hazi dituzte, lan kooperatiboko eskema baten barruan lan egiteko prest, kideek enpresen kapitalean eta kudeaketan parte hartuz eta ikuspegi solidario bati jarraituz.

Hala ere, batez ere bere ibilbidearen hasieran, gure Kooperatibek bai izan dutena estaldurako entitateen laguntza izan da, eta entitate horiek Kooperatiba Taldeak berak sortuak dira, ez Administrazioak sortuak: finantzen arloan Laboral Kutxa; Laboral Kutxak berak sortutako Enpresa Dibisioa, gestioari buruz aholkularitza emateko eta Kooperatiba berriak sustatzeko; lanbide heziketako eta hezkuntza unibertsitarioko ikastetxeak, langile kualifikatuak prestatzeko; IK4-Ikerlan, ikerketaren eremuan, etab.

Gure esperientzia uneoro bultzatu duen filosofia laguntzarako bere erakundeak sortzea izan da (finantzen arloan, prestakuntzan, ikerkuntzan, nazioartekoan, etab.), betiere beharrak eskatzen duenaren arabera.

Zenbat enpresa ditu gaur egun MONDRAGONek, eta horietatik zenbat ez dira kooperatiba?
MONDRAGON 261erakundek osatzen dute guztira, eta horietako 101 kooperatibak dira.
Zenbat langile dira kooperatibako bazkide?, eta bazkide ez direnek nagusiki zein jardueretan lan egiten dute?
2015aren amaieran, MONDRAGONeko batez besteko lanpostu kopurua 74.335 zen, eta pertsona horietatik %44,2k Euskadin lan egiten zuten, %39,9k Estatuko beste erkidego batzuetan, eta %15,9k nazioarteko eremuan.

1992an langile kopurua 25.322 izatetik 2015ean 74.335 izatera igaro dela eta, gaur egun Korporazioko langileen %40 dira bazkide kooperatibista.

Industria Arloko kooperatibetan bazkideen portzentajea %80 baino gehiago da.

Kooperatibista ez direnek batez ere Euskaditik kanpo lan egiten dute, banaketaren arloan eta kanpoan dauden industri lantegietan, Espainian edo atzerrian.

Zein da enpresa batek MONDRAGONEN sartzeko egin behar duen bidea?
Mondragonen integratzeko interesa duen enpresak lehendabizi kooperatiba izan edo bihurtu beharko du, gure Kongresuko arauak bereganatu beharko ditu eta garatzeko proiektu bideragarri bat eduki beharko du.

Sektore bereko kideak diren Kooperatiben taldeak aztertzen du sartzeko eskaera, hau da, gure barne egituran Sektore Agrupazioa esaten diogunak aztertzen du, eta horrek erabakitzen du eskaera egokia den ala ez. Erantzuna aldekoa baldin bada, azken erabakia gobernu organo korporatiboek hartuko dute (Kontseilu Orokorrak eta Batzorde Iraunkorrak).

Adibidez, Estatu Batuetan bizi den bat MONDRAGONeko bazkide izan daiteke?
Bai, betiere gure Kooperatibetako bateko kidea baldin bada: horixe da gure ordezkari komertzialen edo lana atzerrian ditugun lantegietan egiten dutenen kasua. Baina ezinezkoa da bazkide modu isolatuan izatea, ezta ohorezko bazkide ere, baldin eta Kooperatibarekin lotura sozietarioa eta profesionala ez badauka.
Unibertsitatea irekia da, edo soilik kooperatibistentzat da?
Gure Unibertsitatea, “Mondragón Unibertsitatea”, guztiz irekia da, sartzeko baldintza akademikoak betetzen dituen edozein pertsonak ikas dezake bertan. Ikasketak amaitu eta gero ere, ez dago inolako derrigortasunik Korporazioko enpresetan lan egiteko, nahiz eta ikasketak amaitzen dituztenen %40-50ek gure kooperatibetakoren bat aukeratzen dute lan egiteko, batez ere Ingeniaritzakoek.
MONDRAGONeko Kooperatibetan pertsona gaitasungabeak integratzeko politikarik ba al da?
ONCErekin lankidetzarako hitzarmen bat izenpetuta dugu, ezintasun maila desberdina duten pertsonentzako lana sortzeko konpromisoa zehazten duena. Aipatzekoa da arlo honetan Eroski Taldeak urtero ehunka pertsona ezinduri ematen diela lan bere establezimendu komertzialetan. Halaber, GUREAK enpresarekin lankidetzan, dagoeneko bi supermerkatu ireki ditu oso-osorik pertsona desgaituek kudeatuta. Gainera, egitasmo hori beste erregio batzuetara ere zabaldu nahi du.
Produkzio sistema kapitalistari dagokionez, alternatiba al da?
Ez dugu ildo horretan inolako asmorik. Besterik gabe, enpresa egiteko modu humanizatuagoa eta parte hartzaileagoa garatu dugula uste dugu. Gainera, kudeaketa eredu garatu eta eguneratuenekin oso ongi moldatzen den ikuspegia da, funtsezko aktibo gisa langile, pertsona, gero eta gehiago baloratzen delarik, enpresa modernoaren diferentzial nagusia pertsona hori delarik.
MONDRAGON Korporazioko kooperatibek zer neurritan laguntzen dute egiazki aberastasuna hobeto banatzen?
Arrasateri eta eskualdeari dagokionez, logikoa denez bertan kontzentratzen baita jarduera kooperatiboa, Europan egindako azterketa batzuek diote eskualde hau dela Espainian per capita errentarik handiena daukan lurraldea, Donostia eta bere inguruarekin batera.

Gainera, azken urteetan hainbat euskal komunikabidek nabarmendu dutenez, bertako “bilakaera ekonomikoa handiena da eta aberastasunaren banaketa igualitarioena”, eta horretarako Gipuzkoako biztanleek urtero egiten dituzten errentako aitorpenei begiratuta Ogasunek emandako txostenetan oinarritu dira. Txosten horiek behin eta berriro azpimarratzen dute Debagoieneko eskualdea osatzen duten udalerrien “berezitasuna”, “berdintasunean oinarritutako garapen ekonomikorako eredu nabarmena osatzen dutelarik”.

Gogoratu beharra dago, hain zuzen ere, gure Kooperatibek Gipuzkoan dutela pisurik handiena, eta EAEko lurraldearen BPG osoaren %5,4 ematen dutela, eta BPG industrialaren %14,8; enplegu osoaren %6 ematen dute, eta enplegu industrialaren %16,2 eta industri esportazioen %24 kooperatiba hauetan egiten dira.

¿Igaro den denbora, globalizazioa eta balio indibidualistak nagusitu direla kontuan hartuta, MONDRAGONek oraindik ere nortasun kooperatiboari eusten al dio?
Gure kooperatibtan Esperientzia ezaugarritu dute funtsezko ardatzak erabat indarrean daude egun ere –heziketa, lana eta elkartasuna– , Pertsonen Gizartea bizirik jarraitzearekin abtera, bere parte hartze eta elkartasun mekanismoekin.

Azken urteotan hainbat hausnarketa egin dira Esperientziaren zentzuan sakotzenko, eta horietatik heziketa kooperatiboko ekintzak ondorioztatu dira, pertsonen artean gure nortasun ezaugarri nagusiak bultzatzeko.

Duela gutxi, 2016ko Kongresuan, “Etorkizuneko MONDRAGON” ponentzia onartu zen, eta bere zutabe nagusietako bat “balioen bizipena” da. Berriro ere, ideia nagusia da indartu beharreko balioak eta praktikak aurkeztea, eta hainbat lan ildo proposatzea, maila guztietan balioen bizipen hobea sustatzeko.

Hautatutako balioak dira autoexijentzia eta koerantzukizuna; elkartasun arduratsua; elkarren arteko lankidetza; eta ingurunearen eraldaketa soziala.

Beste herrialde batzuetan proiektu kooperatiboak edo sozialak garatzeko finantzaketa lor al daiteke, esaterako Hego Amerikan?
Finantzatzeko ditugun mekanismoak gure bazkideetara mugatzen dira. Haatik, bada babesten ari garen ekimen bat, eta hori “Mundukide” da, egun erretiratuta dauden gure zuzendaritzako hainbat kidek sustatuta; bere helburua garapen bidean dauden herrialdeetan proiektu sozialak sustatzea eta diruz laguntzea da.
Gizarte ekintzari lotutako zer jarduera mota sustatzen du Korporazioak?
Sortu zenez geroztik, MONDRAGONEN Esperientzia Kooperatiboa bere konpromiso sozialagatik eta ingurumenarekiko duen erantzukizun sozialagatik nabarmendu da. Bigarren hori, hain zuzen, korporazioaren nortasun ezaugarrietako bat da. Elkartasun horren ondorioz, gure enpresak kokatuta dauden erkidegoen ongizatea eta bizi kalitatea nabarmen hobetu dira: enplegu zuzena sortu da, beste enpresa batzuei lana eman zaie eta enpresa jarduera dibertsifikatu bat sustatu da.

Horrekin batera, MONDRAGONeko Kooperatibek irabazien %10 eduki sozialeko jardueretan inbertitzen dute urtero, Heziketa eta kooperatiba sustapenerako eta interes publikoko xedeetarako nahitaezko kontribuzioaren bitartez (IPDK). Fonfo horrek 2015ean izan duen aplikazioaren zifra 22,7 milioi euro izan da.

Hezkuntzaren arloko hainbat ekintzaz gain, fondo horrekin lagundu zen euskararen sustapena, garapen bidean dauden herrialdeekiko lankidetza, eta kultura, kirol zein asistentziaren arloko ekintza ugari babestu ziren.

Nor izan daiteke Kooperatiba bateko gobernu organoetako kide? Edozein bazkide izan daiteke Zuzendari Nagusi?
Edozein bazkidek har dezake parte gobernu organoetan, betiere Batzarrean gainerako bazkideengandik behar besteko babesa lortu baldin badu, eta bere zeregina ordainsari ekonomiko berezirik hartu gabe. Halaber, edozein bazkide izan daiteke Zuzendari Gerente, erantzukizun horrek behar dituen baldintza profesionalak eta lidergoari dagozkionak betetzen baldin baditu. Hautagai proposatzea eta hautatzea Kontseilu Errektoreari dagokio.
Zer baldintza bete behar da Kooperatiba batean sartzeko?
Baldintza hauek baino ez dira bete behar: lanpostuak eskatzen dituen baldintza profesionalak betetzea, Kontseilu Errektoreak bazkide berriaren sarrera onartzea eta 1 lansari indizeari dagokion sarrera kuota ordaintzea, hau da, 15.000 euro inguru.

Ekarpen hori Kooperatibaren kapitalaren zati da, baina baita bazkidearen beraren kontuaren zati, zeina eskuarki urtetik urtera handitzen joango den, bere Kooperatibaren urteko etekinetan parte hartuz (itzulkinak). Kooperatiban galerak gertatuz gero, berriz, bazkidearen kapitalaren murrizketa gerta daiteke (estornuak).

Oraindik ere lansari eskala murriztua al duzue?
Horretan gaude, bai, kontuan hartuta lan merkatuan soldatetan dauden desberdintasunak, eta gaur egungo gure antolakuntzaren neurria eta konplexutasuna. Hasierako urteetan lansarien aukera garbia/gordina (artean bi terminoak gauza bera ziren, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) betebehar fiskala ez baitzen existitzen) batetik hirura bitartekoa zen. Eta ondoren 1etik 4,5era handitu zen, Gobernuak PFEZ ezartzearen ondorioz gure zuzendaritzakideek galdu zuten erosmen ahalmena konpentsatzearren.

Laurogeita hamarreko urteetan, MONDRAGON Korporazioaren eraketaren ostean, erakundeak hartu zuen konplexutasuna eta gure Kooperatiben eguneroko kudeaketa zela eta, soldaten aukera 1etik 6ra zabaltzea erabaki zen, baita 8. indizeraino ere kupula korporatiboko zuzendaritzako salbuespen batzuetan.

Nola arautzen da kapital sozialaren interesaren ordainketa, eta zein legeren arabera?
Gure Kooperatibetan, kapital sozialaren interesaren ordainketa Euskadiko Kooperatiben Legearen arabera arautzen da, izan ere, gure Gobernu autonomikoak baditu gaiaren gaineko eskumenak; zeregin horretan Korporazioaren barne arauen arauak ere erabiltzen ditugu.

Euskadiko Kooperatiben Legeak berariaz dio ezingo dela kapital sozialaren interesik ordaindu baldin eta kooperatiban ekitaldi horretan ez bada Emaitza positiborik izan, eta legezko interes tipoaren mugatzat gehienez ere Estatuko Gobernuak ezarritakoa (%3,0) +6 puntu ezartzen du.

Arautegi hori erreferentziatzat hartuta, MONDRAGONeko Kooperatibetan gure Kongresu Kooperatiboetan gehiengoz onartzen denaren arabera antolatzen gara, kapitalari gehienez ere %7,50eko interesa ezartzeko, izaera monetarizagarriarekin. Jakina, ekitaldian ez baldin bada emaitza positiborik izan kapitalari ez zaio ordainketarik egiten.

Inguruarekin alderatuta, nolakoak dira bazkideen baldintza laboralak eta ekonomikoak?
Gure enpresen barruko baldintza laboralak eta tratua ingurukoak baino hobeak direla uste dugu: dagoen parte hartzearen maila handia delako, enpresa bilakaerari buruz informazio gardena ematen delako, eta funtsean bazkide-langileak beren enpresaren jabeak direlako, Batzar Orokorrean “pertsona bat boto bat” printzipioan oinarrituta erabakitzeko duten ahalmenarekin. Horrezaz gainera, oso garrantzitsua da lanean segurtasun handiagoa dagoela eta erretirorako baldintzak hobeak direla, autonomoei ematen zaien pentsio estatalari LagunAro EPSV gure fondotik datorrena gehitu behar zaiolako.

Alderdi ekonomikoari dagokionez, zuzeneko langileak diren bazkideek eta maila ertaineko teknikariek oro har inguruko beren kideek baino gehiago kobratzen dute, hileroko soldataz gainera, zeinari guk aurrerakina esaten diogun eta ingurukoaren antzekoa den, gure bazkideek egoera normal batean urteko emaitzen banaketa ere eskuratzen dutelako, Kooperatiban daukaten maila profesionalaren araberakoa. Gure goi mailako zuzendaritzako kideei dagokienez, oro har kanpoko exekutiboena baino txikiagoa izan ohi da, lansarietan elkartasunaren konpromisoari erantzunez.

Zein da sindikatuen zeregina Kooperatibetan?
Gure Kooperatibetan modu indibidualean sindikatu batekoak diren kideak egon daitezke, baina ez da ordezkaritza sindikal antolaturik existitzen, izan ere, aldi berean langileak eta jabeak izanik, sindikatuek historikoki enpresa konbentzionaletan betetzen duten eginkizunak Kooperatiba batean ez dauka zentzurik.

Sindikatuen zeregin tipiko batzuk, hala nola enpresaren politika sozialari dagozkionak, lan baldintzen ikuskaritza, kolektiboari zor zaion informazioa, etab., Kooperatibetan Kontseilu Sozialak betetzen ditu, hau da, Batzar Nagusiak demokratikoki aukeratzen duen barne organoak.

Nola erantzuten dio MONDRAGONek globalizazioari eta nola daude antolatuta bere atzerriko fabrikak?
Lehen aipatu bezala, Mondragonen Kooperatibismoaren bertuteetako bat memento historiko bakoitzera egokitzeko duen gaitasuna da. Globalizazioaren fenomenoaren aurrean, MONDRAGONek bere nazioarteko presentzia areagotzea erabaki zuen laurogeita hamarreko hamarkada hasieran; eta ez bakarrik esportazioa sustatzeko, baita kanpoan ekoizpen ezarpena sendotzeko ere.

Emaitzak esanguratsuak dira: laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran Industriaren Arloan nazioartean lortutako salmentak %25 ziren, eta 2015ean %71 izan dira, eta gainera 128 ekoizpen planta ditugu 33 herrialdetan. Horiei gure ordezkaritza korporatibo eta komertzialetako langileak gehitzen badizkiegu, 2015eko amaieran nazioartean izan dugun langile kopurua 11.790 zen, hau da, enplegu guztiaren %15,9.

MONDRAGONek erronka berri bat jarri dio bere buruari 2017-2020 laurtekoko Politika Sozioenpresarialren eeta hori da negozioak kokapen lehiakor iraunkorretatik garatu behar direla, balio erantsiko enplegua sortzeko. Bere jarduera ildo estrategikoak bost dira: konpromisoa eta nortasun kooperatiboa, finantzaketa, berrikuntza eta enpresa sustapena, elkarrekiko lankidetza eta presentzia globala.

Antolatzen dira atzerriko enrpesak? Kooperatibak dira?
Atzerriko gure enpresa guztiak Sozietate Anonimo bezala antolatuta daude. Arrazoiak asko dira: herrialde gehienetan, hemen ez bezala, ez dago kooperatibei egokitutako legedirik; kasu askotan, enpresak joint-venture gisa eratzen ditugu, beste bazkide batzuekin, eta, hirugarrenik, eta beharbada hau da argudio nagusia, kooperatibak sortzeko, kultura kooperatibo baten barruan lan egiten ohituta dauden kooperatibistak behar dira, eta prozesu horrek denbora eskatzen du.

Edonola ere, gure atzerriko filialen egitura juridikoa kooperatiba ez izan arren, egia da gure gestio eredua partekatzen dugula haiekin, oinarritzat hartuta gardentasuna eta langileek kudeaketan parte hartzea.