Antolaketa

Antolaketari dagokionez, kooperatiba autonomo independenteak osatzen duten MONDRAGON lau arlo hauen arabera egituratzen da: Finantzak, Industria, Banaketa eta Ezagutza. Arloek modu autonomoan funtzionatzen dute, betiere Kongresu Kooperatiboan adostutako politiken bidez zehaztutako baterako estrategia baten esparruan.

Finantzen arloan banku, gizarte aurreikuspen eta aseguruen jarduerak biltzen dira. Industria arloan, ondasunak eta zerbitzuak ekoizten diharduten 12 industria dibisio biltzen dira. Banaketan, berriz, banaketa komertzialeko eta nekazaritzako elikagaien kooperatibak eta negozioak biltzen dira. Eta Ezagutzaren arloan, MONDRAGONen teknologia zentroen eta I+G-ko unitateen sarea eta Mondragon Unibertsitatea daude; baita Lanbide Heziketako eta irakaskuntzako hainbat zentro ere.

Kooperatibako organoak
  • Batzar Nagusia. Kooperatibaren organo gorena da, bazkide guztien borondate sozialaren adierazpena.
  • Kontseilu Errektorea. Kooperatibaren ordezkaritza eta gobernu organoa da. Kideak Batzar Nagusian aukeratzen dira.
  • Kontseilu Soziala. Kontsulta organoa da, eta kooperatibaren barruko instantzien aurrean bazkideak ordezkatzen ditu.
  • Zaintza Batzordea. Kontsulta organoa da, eta bere zeregina kontabilitateko zein bere eremuko gaiak zuzen betetzen diren ebaztea da.
  • Zuzendaritza Kontseilua. Zuzendaritza taldea da, exekutiboa, gerenteak eta zuzendaritzako kideek osatua, eta kooperatibaren zuzendaritza exekutiboa gauzatzen du
MONDRAGONeko Organoak
  • Kongresu Kooperatiboa. MONDRAGON administratzeko irizpide estrategikoak finkatzea da bere eginkizuna, bere negozio unitateak planifikatuz eta koordinatuz. 650 batzarkidek osatzen dute, kooperatiben ordezkari gisa, eta urtean behin elkartzen da.
  • Dibisioak. MONDRAGONen baitan lotura duten kooperatiben artean eratutako elkarteak dira, eta bere kooperatiben gestioa koordinatzen dute.
  • Batzorde Iraunkorra. Kongresu Kooperatiboaren delegazioz agintzen du. Bere oinarrizko eginkizuna Kongresuak onartu dituen politikak eta erabakiak gauzatzen direla sustatzea eta kontrolatzea, eta MONDRAGONen bilakaeraren etengabeko jarraipena egiten du.
  • Kontseilu Orokorra. Estrategia eta helburua korporatiboak lantzen eta aplikatzen ditu. Dibisioen eta Kooperatiben politikak koordinatzen ditu.
  • Industria Kontseilua. Industria Arloko Dibisioak koordinatzeko organoa da.