Presidenteen gutunak
Egokitzapen iraunkorra
Pello Rodriguez,
MONDRAGONen Kontseilu Orokorreko presidentea
Eredu kooperatiboaren egokitzapen gaitasunari eta sendotasunari esker, MONDRAGONek bilakaera positiboa izan du 2025ean, nazioarteko testuingurua konplexua eta aldakorra izan arren. Korporazioak 11.300 milioi eurotik gorako salmentak izan zituen, 71.400 pertsona baino gehiago plantillan eta 618,8 milioi euroko irabaziak.
Lau arloek –Industria, Finantzak, Banaketa eta Ezagutza– jarduera ona izan zuten, gure eredu kooperatiboaren eraginkortasuna berretsiz.
Zalantzarik gabe, ekitaldiko datu garrantzitsuenetako bat 1.300 enplegu baino gehiagoko hazkundea egon izana da, izan ere, kalitatezko enplegua sortzea da gure lehentasunezko helburuetako bat. Datu horiek, gainera, sendotu egin dituzte MONDRAGONeko kooperatibak Euskadiko lehen enplegatzaile, Nafarroako bigarren enplegatzaile eta Estatuko bosgarren enplegatzaile pribatu gisa.
Era berean, aipagarria da, batetik, hiru enpresa berri abiarazi izana – Amets Power Electronics, Orbik Cybersecurity eta Innkia– eta, bestetik, etorkizun oparoko sektoreetan negozio berriak sortzearen inguruko dinamismoa. Enplegu jasangarria sortzeko aukerak aztertzen jarraitzen dugu.
2025a MONDRAGONen 2028rako ibilbide orriaren lehen urratsa izan da, “lankidetzaren indarraren bidez gizartea eraldatzen ari diren pertsonekin munduko erreferente kooperatiboa izateko”, fokua giza dimentsioan, negozioen lehiakortasunean eta sortzen duen inpaktu sozialean jarriz.
Azken batean, balantzea positiboa izan da aurten ere, bai kuantitatiboki, bai enpresa egiteko beste modu bat posible delako uste sendoan.
“Ekitaldiko datu garrantzitsuenetako bat 1.300 enplegu baino gehiagoko hazkundea egon izana da, izan ere, kalitatezko enplegua sortzea da gure lehentasunezko helburuetako bat.”.

Benetako eraldaketa eredua
Leire Mugerza,
MONDRAGONen Batzorde Iraunkorreko eta Kongresuko lehendakaria
2025. urteak exijentzia handiko ingurune baten aurrean jarri gaitu berriz ere. Eraldaketa ekonomiko eta sozialek markatu dute urtea; hala, argi geratu da epe luzeko ikuspegia izango duten enpresa ereduen beharra. Testuinguru horretan, MONDRAGONek berretsi egin du eredu ekonomiko eta sozial bidezkoago, gizatiarrago eta jasangarriago baten eraikuntzan parte aktiboa izateko daukan bokazioa, ez bakarrik “zer” egiten dugun, baizik eta gauzak “nola” eta “zertarako” egiten ditugun ere kontuan hartuz eta galdera horiei zentzua emanez.
Eta hauxe da 2025eko emaitza sozioenpresarialek islatzen dutena: gure lorpen kuantitatiboen norainokoaren benetako argazkia, eta beste mugarri bat gizarteari egiten diogun irismen luzeko ekarpenaren bidean.
Izan ere, erronka, gaur egun, lehiatik harago doa. Gure jarduerak benetako eragina izango duela ziurtatzea da helburua: aukerak sortzea, kohesio soziala indartzea eta gizarte igualitarioagoak eta bidezkoagoak eraikitzen laguntzea. Azken batean, ongizatea eta aurrerapen partekatua ekarriko dituen eraldaketa ukigarri bat bultzatzea.
MONDRAGONek oinarri sendoa dauka norabide horretan erabakitasunez aurrera egiteko, lankidetzaren –pertsonen, kooperatiben, dibisioen eta beste enpresa batzuen artekoa–, negozioen lehiarako ezinbesteko gaitasunaren eta jaso dugun ondarea hobetzeko apustu irmoaren aldeko konpromiso sendotik abiatuta.
Osagai horiek guztiak beharrezkoak dira gure komunitateak benetan eraldatzeko.
“Erronka, gaur egun, lehiatik harago doa. Kontua da ongizatea eta aurrerapen partekatua ekarriko dituen eraldaketa ukigarri bat bultzatzea”.
