MONDRAGON Korporazioaren aktiboak 3.966,68 milioi euro (660.000 milioi pezeta) ingurukoak ziren eta Baliabide Propioek 1.200 milioi euroren muga erdietsi zuten. Lagun Arok abenduaren 31n 19.967 bazkideri eta 46.616 familia onuraduni ematen zizkien asistentzia eta aurreikuspena.
Fagor Arrasatek historiakoeskaerarik handiena lortu zuen makina-erremintaren sektorean. 20 milioi euroko eskaria zen eta Volkswagen Seat enpresarentzat estanpazio automatizatuko lau sistema ekoiztu behar zituen. Kontseilu Errektoreek Victorio Luzuriaga erosteko proposamena onetsi ondoren, Fagor Ederlan eta Fagor Taldearen Batzar Nagusien esanera jarri zen, behin betiko onetsi zezaten. Soraluce kooperatibak kontratua sinatu zuen ITPrekin, hegazkin turbo propultsatuetarako motor piezak mekanizatzeko sistema malgua fabrikatzeko. ITPk industria aeronautikoan duen ezagutza eta Soralucek sistema malguetarako mekanizazioan duen ezagutza elkarrekin jarri zituzten.