1996

Hogei urte Arizmendiarrieta zendu zela eta berrogei MONDRAGON Esperientzia Kooperatiboa abian jarri zenetik. “On Jose Mariari eskain diezaiokegun omenaldirik onena Taldea egitea da” zioen T.U. Lankide aldizkarian argitaratu zen artikulu batek; pentsamendu hori indarrean dago eta ez du esanahirik galdu.
Kooperatiba taldearen garapenean eragin handia izan du gauzatu den inbertsioen politikak. Inbertsio kuantitatibo eta kualitatibo handiak egin dira eta horrekin bat etorri da enpleguaren hazkundea: urte amaieran 30.000 lanpostuen muga gainditu zen. Finantza Taldeari lotutako aseguru eta leasing jarduerek alor honen heldutasuna erakusten duen beste mugarri bat ezarri zuten, eta bi negozioek 6 milioi euroko emaitza bateratua lortu zuten, egindako aurreikuspenak gaindituz. Urssa kooperatiba lan handietan sartua zen, Bilbon Guggenheim Bilbao eraikinaren metalezko egitura erraldoia egiten ari zen, Kataluniako Baix Llobregat eskualdean bi zubibide eraikitzen ari zen eta Txinan Luo Huang-eko zentral termikorako 7,8 milioi euro balio izan zuen metalezko egitura hornitu zuen.