MONDRAGONentzat oro har eta Fagorrentzat bereziki urte berezia izan zen, 50 urte baitziren Ulgor sortu zela. Hori izan zen Korporazioaren enbrioi industriala eta Kooperatiba Esperientziaren abiapuntua. Mende erdi geroago munduan erreferentzia zen. Eta hori urte bikain batean, emaitzei dagokienez.
Merkatuen bilakaera onak finantza aktibitatearen hazkundea ekarri zuen. Euskadiko Kutxak zergak kendu aurretik % 17,1eko hazkundea izan zuen emaitzetan, eta bitartekaritza fondoetan hazkundea % 11,8koa izan zen, eta bezeroei emandako maileguetan egindako inbertsioa % 23,2 gehitu zen. Eroskiren salmenta osoak 6.514 milioi eurora iritsi ziren eta 100 saltoki berri, 86.000 metro karratu, gehitu zituen. MONDRAGON Korporazioaren nazioartekotzea nabaria da. Kontsumo Ondasunen alorreko fakturazioaren % 63 (1.204 milioi euro) nazioartean gauzatu zen, Ekipo Ondasunen alorrean % 20 hazi zen fakturazioa eta horren % 60 (1.626 milioi €) nazioartean egin zen.