2008

Urte zaila eta korapilatsua izan zen MONDRAGON kooperatibentzat. Munduan nazioarte mailako krisi ekonomikoa bizi zen eta horri aurre egin behar izan zitzaion, izaera kooperatiboan sakonduz, elkartasunean eta bazkideen esfortzuan oinarrituta. Eta krisiari aurre egiteko berrikuntza eta nazioartekotzea izan ziren gakoak.
Eroskirentzat kooperatibizazioaren urtea izan da 2008ko ekitaldia. Ezohiko Batzarrean onartu zen eta, horrela, datozen urteetan eta modu mailakatuan, Eroski Taldeko kide diren sozietate anonimoek eta partaidetuek beren enpresa eredua aldatu eta kooperatiba bihurtuko dira, eta langileak soldatapekoak izatetik kooperatiba bazkide izatera pasatuko dira. Euskadiko Kutxaren finantza jarduerak ere antzeman zuen okerrera egindako egoera; hala ere, urtea ondo bukatu zuen. MONDRAGONek nazioartekotzeko ahalegina areagotu zuen, ezarpen berriak eginez, hori baita bertako enplegua ziurtatzeko bide bakarra. Atzerrian 8 ekoizpen planta berri jarri ziren abian, eta horrela 73 ziren jada lanean. Industria Arloaren salmentak 6.283 milioi eurokoak izan ziren, eta % 58,2 (3.656 milioi €) nazioartean gauzatu ziren; horien jaitsiera txikiagoa izan zen (% -2,2koa 2007arekiko).